Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

BCSC erakundeak European Cyber Week topaketan aurkeztuko ditu Euskadik Zibersegurtasunaren ekintzailetzarako eskaintzen dituen aukerak

European Cyber Week, BCSC
19/11/2018

Azaroaren 19tik 22ra Rennesen (Frantzia) izango da European Cyber Week topaketaren hirugarren edizioa. Europako Zibersegurtasun eta Ziberdefentsa arloko foroan 2.500 aditu inguru bilduko dira. Horien artean egongo da Javier Diéguez, gure zuzendaria, BCSC erakundearen izenean. Diéguezek honako panelean parte hartuko du: "From Silicon Valley to Start up Nation: which opportunities for European Valleys", Euskadik Zibersegurtasun arloko ekintzailetzarako eskaintzen dituen aukeren berri emanez.

Estatu Batuen edo Israelen hornitzaileekin lehian aritzea da Europako sektorearen erronka handienetako bat, zibersegurtasun arloko bi potentzia handi baitira; hala nabarmendu genuen Basque Cybersecurity Day topagunean. Aurrera egiteko eta mundu mailan zibersegurtasunaren erreferente izateko, administrazio publikoek eta sektore pribatuak elkarrekin lan egin behar dute, enpresen sorkuntza eta hazkundea bideratzen duen europar merkatu bateratua sortuz.

"Cyber Valley" izenekoak sortzea, Europako herrialdeen esku

European Cyber Week ekitaldiaren barruan, herrialdeak izango dira protagonista "European regions at the forefront of cybersecurity" izeneko programaren baitan, azaroaren 21ean, asteazkena. Egunari hasiera emateko, zibersegurtasunaren merkatuan zentratutako mahai-inguru bat izango dugu, hainbat erakunde eta gobernutako ordezkariekin.

Horren ostean, herrialdeetako ordezkarien txanda izango da. Danilo D'Eliak (ECSO) moderatutako panel batean, Basque Cybersecurity Day ekitaldian ere egondakoa, gai nagusia honakoa izango da: "From Silicon Valley to Start Up Nation: which opportunities for European Valleys". Aukera paregabea da Euskadiren aurkezpena egiteko, zibersegurtasun arloan ekin eta inbertitzeko leku erakargarria den heinean. Hala azalduko du Javier Diéguezek.

Euskadik zibersegurtasun arloko ekintzailetzarako ekosistema oso bat eskaintzen du

Euskadi leku ezin hobea da zibersegurtasun arloko enpresak sortu eta martxan jartzeko, eta ikuspegi horren bidez aurkeztuko da Europa mailan. Produkzio sistema eta baliabideetan berrikuntza txertatzeko apustua egin dugu, Basque Industry 4.0 delakoaren bidez; hori horrela izanik, gure herriak Basque Digital Innovation Hub proiektuaren aktibo eta zerbitzuen sarea eskaintzen die enpresei.

BDIH-a I+D zentroen eta Eusko Jaurlaritza daukate jabetzan, eta bere aktiboak lankidetza-ekimen esanera egongo dira 2019ko lehen hiruhilekotik aurrera. Gainera, erakunde publiko eta instituzionalen babesa dauka. Ekimen honek azpiegitura bereziak ditu enpresen eskura; prestakuntza, ikerketa, proba eta balioztatze-jardueretarako, eta gaur egun aktibo dauden hiru ardatzen arabera egituratzen da: Fabrikazio osagarria, errobotika malgua eta Zibersegurtasuna.

Zibersegurtasun arloan lan egiten duten Euskadiko enpresak edo bertan instalatzeko interesa daukatenak BDIH proiektuarekin jar daitezke harremanetan. 4.0 motako 100 aktibotik gora izango dituzte eskura; 360 ikuspegia duen aholkularitza teknologikoa; industrializaziorako transferentzia teknologikoa, prestakuntza edo heziketarako workshop delakoak.

Gainera, enpresa horiek ez dira bakarrik egongo; izan ere, Zibersegurtasunaren ekosistema oso arin hazten eta garatzen ari da Euskadin. BCSC erakundeak presentzia izango du, sektoreko dinamizatzaile gisa, eta hiru lurralde historikoetako enpresa garrantzitsuak egongo dira; baina, gainera, i2basque sareak punta-puntako bost laborategi ere baditu: Vicomtech, 4.0 industria eta blockchain-ean zentratua, Tecnalia PTA, entrenamendu eta gaikuntzara bideratua, Tecnalia PTB (Smart-Grid, automobilgintza eta blockchain arlokoa), Ikerlan (produktuen ziurtagiri, testatze, 4.0 industria eta blockchain arlora bideratua) eta BCAM (eredu matematiko eta simulaziora bideratua).

Euskadik badauka nazioarteko errekonozimendua herrialde berritzaile gisa eta, denon laguntzarekin, maila horretako errekonozimendua lortu nahi dugu zibersegurtasunaren sektorean ere.