Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

BSBC zentroak balioa eman die zibersegurtasun gertakarien kudeaketa eraginkorra egiteko gako batzuei, NextSecure ekitaldian

NextSecure zibersegurtasun arloko erreferentziazko ekitaldi bihurtu da azken urteotan, nazio mailan. XX. edizioa izan da. Nextelek antolatutako jardunaldi honetan sektoreko hainbat eragile bildu ziren, bai enpresa pribatuak, baita erakunde publikoak ere, informazioaren segurtasun teknologien inguruko azken nobedadeen inguruan aritzeko.

NextSecure topaketa Alberto Hernándezek inauguratu zuen, INCIBEko Zuzendari Nagusia, Zibersegurtasuneko Institutu Nazionala. Bere hitzaldian, balioa eman zien zibersegurtasun arloko negozio-aukerei eta gaur egun dagoen profil eskaera handia asetzeko beharrari.

Beste parte-hartze batzuk ere izan ziren, hala nola Mario Garcíarena, Espainia eta Portugaleko Check Point erakundeko Zuzendari Nagusia, azken belaunaldiko zibererasoen aurrean babesteari buruzkoa; edo Joseba Enjutok gidatutakoa, Nextel Aholkularitza Enpresako Zuzendaria, industria eremuetan IT eta OT munduen artean lan egiteari eta horrek dakartzan zailtasunei buruzkoa.

Hitzaldi eta mahai-inguruak garatu bitartean, laborategi aretoan hainbat tailer burutu ziren, redBorder, Infoblox, Aruba HPE, Tufin, F-Secure, Check Point, Forcepoint edo Symantec erakundeetako adituek gidatuta. Zibererasoak saihesteko teknikak eta kasu praktikoak landu zituzten.

Kontzientziazioa, gaikuntza eta kolaborazioa: Zibersegurtasunaren sektorea sendotzeko gako nagusiak

NextSecure topaketaren amaieran Asier Martinez Retenagak hartu zuen hitza, Zibersegurtasunaren Euskal Zentroko Head of CSIRT Services lanpostua daukana. Zibersegurtasun arloko gertakarien kudeaketaren aspektu batzuen inguruan hitz egin zuen, izan ere, ez zaie beti behar besteko garrantzia ematen.

Kontzientziazioa, bi ikuspunturen arabera:

  • Zibersegurtasun arloko gertakari batek ez die soilik kudeaketa teknikoa burutzen duten pertsonei eragiten; beste sail batzuei ere eragin ahal die, hala nola giza baliabideak, komunikazioa, juridikoa, baita zuzendaritza eta bestelakoei ere. Beraz, denak izan behar dira prozeduraren partaide. 
  • Hartzaileak, hau da, zerbitzua jasotzen duten herritar edo enpresak kontzientziatu behar dira, beren heldutasun maila handitu eta zibersegurtasun arloko gertakari batek kaltetzea saiheste aldera.

Bestalde, esan zen zibersegurtasunaren mundua eta mehatxuena etengabe garatuz doazela eta sektoreko profesionalen etengabeko gaikuntza sustatu behar dela.

Azkenik, zibersegurtasun arloko gertakariei aurre egiteko kolaborazioak garrantzia handia hartu zuen amaierako hitzaldian. Ziberdelinkuenteen sofistikazio maila oso altua da, beraz, horiei aurre egiteko beharrezkoa da inplikatutako eragile guztien arteko elkarlana, bai toki mailan, baita nazio eta nazioarte mailan ere, erasoei erantzun koordinatu eta bateratu bat emate aldera.

Kontzientziazioa, gaikuntza eta kolaborazioa dira Euskal Zibersegurtasun Zentroak lantzen dituen aspektuetako batzuk. Zibersegurtasun arloko euskal industriarekin batera, Euskadi osoa ahaldundu nahi dute, zibermehatxuen aurkako neurriak aplikatzeko.