Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Cybersecurity Summer Bootcamp: Gertakari eta ziberdelituen kudeaketan koordinazioa hobetzeko ekitaldia

cybersecurity, bootcamp, incibe

Zibersegurtasun arloko eragile guztien arteko kolaborazioa funtsezko elementua da, izan ere, ziberdelinkuenteak gero eta hobeto prestatuta eta antolatuta daude. CERT publiko eta pribatuek eta administrazioek, orokorrean, harremanetan egon beharko lukete etengabe, tresna eta teknika berrienak ezagutu eta partekatzeko. Hala egiteko aukera izango dute uztailaren 17tik 28ra bitartean egingo den Cybersecurity Summer Bootcamp topagunean.

Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalak (INCIBE) antolatzen du ekitaldi hau, Amerikar Estatuen Erakundearen (OEA) laguntzarekin, eta aurten hirugarren edizioa da. Ziberdelituen aurka egiteko, zibersegurtasun arloko gertakariak kudeatzeko eta kontuan hartu beharreko legegintza aspektuak ezagutzeko azken uneko informazioa jasotzeko programa bat antolatu da. 640 tailer-ordutan emango da eta praktikoa izango da, batez ere.

Topaketarako eta lankidetza-harremanetarako aukera

30 herrialde baino gehiagotako pertsonak bertaratuko dira eta hainbat tailerretan parte hartuko dute, CERTetako teknikari, segurtasun indarretako eta kide eta policy maker delakoei zuzenduak. CERT erakundeetako langileei zuzendutako tailerrek, batetik, eta segurtasun indarretako langileei zuzendutakoek, bestetik, bi track paralelo izango dituzte mailaren arabera. 1. mailan hastapenen inguruko aspektuak emango dira eta 2. mailan aurreratuagoak.

CSIRT zerbitzuen arduraduna den Asier Martínezek ekitaldian parte hartuko du eta BCSC erakundearen berri emango du. Horrela, bertaratutako organismoen artean hurbilketa eta konfiantzazko giro bat sortzeko asmoa dago.

128 tailer izango dira, guztira, bakoitza bost ordukoa. Organismo publiko, segurtasun-indar eta enpresa eta CERT publiko eta pribatuetako 50 hizlari baino gehiago arituko dira horiek bideratzen. Horren guztiaren bidez, bertaratutakoek jakingo dute zein den CERT baten sorkuntza-prozesua, pertsonok mundu digitalean ditugun eskubide eta askatasunak, edota azterketa forentsean murgiltzeko aukera izango dute.

Cybersecurity Summer BootCamp topaguneak maila handiko prestakuntza ematen du; baina, prestakuntza emateaz harago, helburu nagusia gertakari eta ziberdelituen kudeaketan koordinazioa hobetzea da. CERT delakoek hainbat foro dituzte nazioarte eta nazio mailan, baina Leonen burutuko den ekitaldiak eta antzekoek aukera ematen digute topaketarako eremu bat sortu eta gure arteko elkarlana estuagoa era eraginkorragoa izateko.

Mundua gero eta konektatuagoa dago eta zibersegurtasunaren ekosisteman aritzen garen eragile publiko zein pribatu guztion arteko elkarlana funtsezkoa izango da denok seguruagoa egoteko.