Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Euskadiko segurtasun pribatuaren inguruko IV. biltzarra

Biltzarra bi urtez behin egiten da, eta aurreko edizioan 250 profesionalek hartu zuten parte

Edizio honetan, segurtasuneko politika integralak lantzeko beharra nabarmenduko da

Gaur, urriak 1, egingo da Euskadiko Segurtasun Pribatuari buruzko IV. Biltzarra; hau da, Bilbon egiten den ekitaldia eta segurtasun pribatuaren sektorea biltzen duena, gaurkotasun gehieneko gaiak jorratzearren.

Biltzarrak honako hauen babesa eta lankidetza du: Eusko Jaurlaritza, Ertzaintza, Cuadernos de Seguridad aldizkaria, PESI (Industria Segurtasuneko Espainiako Plataforma Teknologikoa) eta SAE (Segurtasun Adituen Euskal Elkartea). Jardunaldian araudiaren inguruko alderdiak nahiz alderdi operatiboak eta teknologikoak landuko dituzte; tartean, 4.0 segurtasuna, zaintzaren etorkizuna eta bilakaera, segurtasuna digitalizazio-prozesuen aurrean edo lankidetza publiko-pribatuko eredu berriak. 

Biltzarra bi urtez behin egiten da, eta aurreko edizioan, 2017koan, 250 profesional bildu ziren bertan. Gaurko jardunaldian, aurrekoan gertatutako moduan, segurtasunaren inguruko politika integral eta orokorraren aldeko apustua egiteko dagoen premia nabarmenduko da, alde fisikoa nahiz ziberra barne hartuta. 

Segurtasuna, sektore guztiengan eragina duen eremua 

Programa osoa Biltzarraren web gunean eskura daiteke.

Inaugurazioaz Estefanía Beltrán de Heredia andrea arduratuko da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko sailburua, eta ixteaz, berriz, Amaia Arregui andrea, Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasun Saileko zinegotzia.

Jardunaldian era askotariko gaiak jorratuko dira; hala nola, ekitaldi handietako segurtasuna (Josu Bujanda, Ertzaintzako burua), ziberzaintzaren etorkizuna eta bilakaera, bideozaintzaren inguruko alderdiak, segurtasun publikoa eta pribatua edo mehatxu ziber-fisikoen kudeaketa azpiegitura kritikoetan. 

"4.0 Segurtasuna: industriaren erronkak ingurune aldakorrean" izeneko mahai-ingurua egingo da, eta Javier Larrañetak, PESIko Idazkari Nagusiak moderatuko du. Besteak beste, honako hauek hartuko dute parte: Basque Cybersecurity Centretik Asier Martínezek, CERTen arduradunak; Ricardo Muguerzak, SAEko bazkideak; Roberto Vilelak, SOC eta Techco Securityko zerbitzu berrien zuzendariak; eta Carlos Prietok, Sabico Group-eko Zibersegurtasunaren zuzendariak. 

Biltzarrari amaiera emateko, Cuadernos de Seguridad aldizkariak, edizio bakoitzean egiten duen moduan, sariak banatuko dizkie pertsona eta erakunde ezberdinei, segurtasunaren sektorean egindako lana saritzeagatik. 

Azken finean, lanerako jardunaldi honetan, beste gai askoren artean, nabarmenduko da industriak zibersegurtasuneko neurriak aplikatzeak duen garrantzia, ingurune horretan tradizionalki ez baita ikuspegi hori kontuan hartu. 

Industria-arloko zibersegurtasuna, Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusia 

Eusko Jaurlaritzak, SPRIren eta Basque Cybersecurity Centre-ren bitartez, euskal industria-ekosistemaren babes-maila gehitzera bideratutako ekimen ezberdinak jarri ditu abian. 2018. urtean, zibersegurtasun industrialeko lehen laguntza-programa jarri zen abian, eta hasiera batean 600.000 euroko zuzkidura izan bazuen ere, eskaera handia zela-eta, zenbatekoa milioi 1 eurora igo zen, eta 102 proiektu onartu ziren. Aurten, programaren edizio berria abian jarri da, eta laguntzak azaroaren 28ra bitarte eska daitezke. Programaren helburua da Industria-arloko Zibersegurtasuna bultzatzea industria-enpresetan IT/OT inguruneetarako ziberrerasoen aurrean babes-sistemen bateratasuna eta integrazioa lantzen duten proiektuen bitartez.