Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Euskalhack security congress iv, zibersegurtasuneko kultura sustatu eta bokazioa sortzea helburua duen ekimena

Biltzarra ekainaren 21 eta 22an egingo da Donostian

Kalkuluen arabera, 2019. urtearen amaierarako sei milioi lanpostu izango dira zibersegurtasunaren sektorean mundu osoan

Funtsezkoa da gazteenei zibersegurtasuna aukera handiko garapen profesionaleko bidea dela erakustea, eta eragin sozial positibo handia duela gizartean

Sareko mehatxuen kopurua haziz doa egunez egun, sareko krimenaren profesionalizazioaren ondorioz batez ere. Hori horrela, geroz eta gehiago eskatzen da zibersegurtasuneko espezialistaren profila. Kriptologia Zentro Nazionalak (CCN-CERT) Society for Human Resources Management erakundearen ikerketa baten berri eman du berriki, non estimatzen den sektorea 152.000 milioi eurotara arte haziko dela 2020an, eta enplegu-eskaera ere hazi egingo dela, 2019. urte amaierarako mundu osoan sei milioi lanpostutan kokatuz. Gainera, ISC2ren (International Information Systems Security Certification Consortium) ikerketa baten arabera, zibersegurtasunari lotutako 350.000 lanpostu bete gabe egongo da 2022an.

Hori horrela, funtsezkoa da gazteenei erakustea zibersegurtasuna aukera handiko garapen profesionaleko bidea dela, eta, tekniko oso zehatz bateko gutxieneko bati bideratua egon beharrean, diziplina asko hartzen dituela bere barnean, medikuntzaren esparruan gertatzen den bezala, gizartean eragin sozial oso positiboa izateaz gain.

Ildo horretan, Zibersegurtasun Euskal Zentrotik lanean dihardugu helburu horrekin bat datozen ekimenak martxan jartzen, lanbide-heziketako irakasleen trebakuntzan adibidez, beren ikasgaietan zibersegurtasuneko praktikak sartzera begira. Zibersegurtasuneko prestakuntza ematen duten lanbide-heziketako zentroekin ere kolaboratzen dugu, hala nola Maristak, Zubiri Manteo eta IES Uni Eibar, zentro horietako ikasleak lan-merkatuan sartzea errazteari begira.

Euskadiko Zibersegurtasunaren Liburu Zurian jasotzen den bezala, zibersegurtasunean lanean ari diren 100 erakundetik gora daude katalogatuak gaur egun, euskal industria-ekosistema sendoaren eskaerak sustatuta bereziki, eta Eusko Jaurlaritzak 4.0 industria laguntzeko hartutako apustu irmoak babestuta; apustu hori zenbait aspektutan bideratzen da: ekoizpen-bitarteko eta -sistemetan adimena txertatzea, sortzen ari diren gaitasun eta teknologiak produktu eta prozesu berrietan aprobetxatzea, material aurreratuak balio erantsi handiagoko irtenbideetan edo prozesu hobetuetan sartzea, erabiltzen diren baliabideen jasangarritasuna eta balio erantsi handiko zerbitzuen integrazioa.

Era berean, Euskal Encounter, Gipuzkoa Encounter, Araba Encounter edo Euskalhack  bera bezalako ekimenak babesten ditugu.

Euskalhack Security Congress IV: hitzaldiak, tailerrak eta askoz gehiago.

EuskalHack Security Congress EuskalHack Segurtasun Informatika Elkarteak antolatutako ekimena da, irabazi asmorik gabeko erakunde bat, informatika-segurtasuneko ikerketari eta informatika forentseari lotutako profesionalek osatua, eta segurtasun digitaleko gaietako komunitatea eta kultura sustatzea du helburu nagusitzat, publiko mota orori zuzenduta, ezagutzaren sustapenaren eta zabaltzearen bitartez.

Laugarren edizio hau ekainaren 21ean eta 22an ospatuko da Olarain Ikastetxe Nagusian (Donostian), eta 180 profesional bilduko dituen ekimenak bereziki profil teknikoko hitzaldi eta tailerrak antolatzeko konpromisoarekin jarraitzen du; hori horrela, toki egokia da ikasteko eta sektoreko beste profesionalak ezagutu eta beraiekin harremanetan jartzeko.

BCSCn, ekimena babesteaz gain, SECTF izeneko ekimen interesgarri batekin ari gara kolaborazioan, sareko kriminalek erabiltzen dituzten gizarte-ingeniaritzako ohiko teknikak identifikatzea helburu duena, iruzur mota horien biktima ez izateko kontzientziazioak duen garrantzia nabarmentzeko oinarri gisa.

Gainera, hackaton "gau-hack" jarduera ere burutuko da, non , taldetan antolatuta, hackingari lotutako erronka batzuei aurre egin beharko zaien, bertaratuek beren gaitasunak erakutsi eta tarte dibertigarri bat pasa dezaten.