Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

4.0 Industriak eta zibersegurtasunak bat egingo dute BIEMH erakusketaren XXX. edizioan

30BIEMH

Industriaren sektorea ahalegin handia egiten ari da 4.0 Industriara begirako bilakaeran. Baliabide ekonomikoak zein giza baliabideak bideratzen ari dira lehiakortasun maila mantendu eta, are gehiago, hobetzeko ere. Ez da nolanahiko sektorea Euskadi mailan; izan ere, bere egitura sendoari esker, komunitatearen BPGren %24,2ko ekarpena egiten du.

Industri eremuetako zibersegurtasuna BIEMH erakusketaren hogeita hamargarren edizioaren ardatzetako bat da. Esan behar dugu, gainera, industria arloko ekitaldi hau dela estatu mailako handiena, kontinente osoko enpresak biltzen baitira bertan. Maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitartean izango da erakusketa, Bilbao Exhibition Centerren, eta bisitari eta erakustokien kopuruek errekor guztiak hautsiko dituztela aurreikusi da, azoka-eremuko pabiloi guztiak beteko baitira. Berrikuntzan ere aurrerapauso handiak espero dira.

BIEMH ekitaldiak argi utziko du enpresek garrantzia eman behar diotela zibersegurtasunaren gaiari; izan ere, prozesuen automatizazioan, Big Datan edo hodeiko zerbitzuetan inbertitzen den heinean, zibersegurtasun-neurrietan ere hala egin behar da, zibereraso batek negozioaren jarraipena kolokan jartzea saihesteko.

Zibersegurtasuna eztabaidagai beDIGITAL topaketan

BIEMH topaketaren barruko ekitaldi berria da beDIGITAL izenekoa, eraldaketa digitalaren ingurukoa. Horren programazioaren barruan, zibersegurtasunari buruzko mahai-inguru bat egingo da eta BCSC zentroko zuzendaria den Javier Diéguez egongo da bertan, moderatzaile lanak egiten. Arloko espezialistek hartuko dute parte, hala nola David Marcok (industria arloko zibersegurtasunean aditua, CCI), Ana Ayerbek (Tecnaliako IT Competitiveness negozio-eremuko zuzendaria) eta Alexis Alonso Arévalo (Accentur enpresako Senior Manager).

Big Data, loT edo errealitate birtuala izango dira BIEMH ekitaldiaren beste ardatzetako batzuk

Bi urteroko hitzordu horretan, 2016an, nazioarteko 1.500 enpresa bildu ziren. Oraingoan, Prozesuen Digitalizazioa, Fabrikazio Gehigarria, Big Data, loT, Cluod Services, Errealitate Birtuala eta fabrikaziorako aplikazioak ere izango dira hizpide garrantzitsu.

Industria munduan lan egiten dutenentzako ezinbeste hitzordua da, Eusko Jaurlaritzaren bidez sustatutako ekimen publikoekin batera, hala nola Basque Digital Innovation Hub, RIS3 edo Basque Industry 4.0. 2018ko ekitaldi horretarako call for speakers delakoa irekita dago ekainaren 15era arte.

Zibersegurtasunaren Euskal Zentroaren izenean, lanean jarraituko dugu ekimen horietan parte hartu eta babesteko, Euskadin industriaren lehiakortasunaren garapenari bultzada emateko xedez, betiere zibersegurtasunaren ikuspegitik.