Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Erabiltzaileen segurtasuna eta pribatutasuna IoT oldearen aurrean, Bilbon egingo den IoT Week ekitaldiko ardatzetako bat

IoT Week

Ekainaren 4tik 8ra, Bilbo IoT edo gauzen Interneten munduko hiriburua bihurtuko da. Euskalduna Jauregia sektorearen topalekua izango da. Sektore horren urteko hazkunde etengabea %20koa baino handiagoa da, 2020an 400.000 milioi euro inguruko balioa izango duela espero da eta, gaur egun, konektatutako 8.400 milioi gailu ditu. Kopuru hori 20.000 milioira iritsi liteke datozen urteotan Gartner-en estimazioen arabera.

IoT Forum eta IK4 Tekniker erakundeek antolatu dute ekitaldia, eta SPRI Taldearen laguntza dauka. Bost jardunalditan banatuko da, eta hainbat gai landuko dira, besteak beste, IoT eta etorkizuneko 5G bateratzea, Big Datarekin eta Adimen Artifizialarekin konbinatzeak zabaltzen dituen aukerak edo nekazaritza, hiri adimendun, bizitza osasungarri eta bestelako sektoreei eskaini diezazkiekeen onurak.

Halaber, IoT Week ekitaldian Euskadik arlo horretan egin dituen aurrerapenak azalduko dira, IoT sektoreko enpresa entzutetsuekin, Tekniker, Euskaltel, Ibermática edo ULMA besteak beste. Izan ere, ekitaldiko agenda ofizialean Eibarreko IK4 Tekniker instalazioak bisitatuko dira, eta bertaratuek irabazi asmorik gabeko I+G zentroa ezagutuko dute, enpresen lehiakortasunaren alde egiten baitu.

Zibersegurtasuna, ezinbestekoa IoT delakoan

IoT sektorea etengabe hazten ari da, baina ezin da funtsezko alderdi hau ahaztu: pribatutasunaren segurtasuna eta babesa. Gauzen Internetak gure etxeak konektatutako gailuez betetzen ditu: batzuk ohikoak, esaterako robot xurgatzaileak edo telebistak, eta ezartzen hasi diren beste batzuk, esaterako hozkailuak, bonbillak, hortz-eskuilak, etab. Gailu horiek, askotan, irudia eta soinua grabatzeko edo mugimenduak detektatzeko gai dira. Beraz, erabiltzaileen pribatutasunari eusteko, industriaren konpromisoa izan beharko luke sentsoreek jasotako guztia dagokionarentzat bakarrik irisgarria izateko.

Hain zuzen, IoT segurtasunari eta pribatutasunari buruzko workshop bat egingo da ekainaren 4an, astelehenean, 14:30ean, A3.3 aretoan. Parte-hartzaileak hauek izango dira: Javier Diéguez (BCSCko Zuzendaria), Erkuden Riós Velasco (Tecnaliako I+G+b Proiektuen Kudeatzailea), Stefan Lüders (CERN Brice-ko Segurtasun Informatikoko Zuzendaria), Pasquale Annicchino (Archimede Solutions-eko Aholkulari Seniorra), Jacques Kruse Brandao (NXP Semiconductors-eko Gai Politikoen eta Ko-sorkuntza Publikoaren Zuzendaria) eta Arthur Van de Wees (Arthur's Legal-eko Zuzendari Nagusia).

Bertan, 49 herrialdetako 1.000 aditu baino gehiago egongo dira, eta Bilbon egingo den IoT Week ekitaldian eztabaidatu eta erabakitakoak IoT delakoaren etorkizunerako lagunduko du. Horretarako, Bilbo izan da aukeratutako hiria, Euskadiko industriaren garrantziagatik. Izan ere, hiria berritzailea da, etorkizunari ez dio beldurrik, bere modernitatearen alde egiten du, IoT delakoa baliatuta, bere lehiakortasuna mantendu eta bultzatzeko.