Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Lanbide-heziketa funtsezkoa da zibersegurtasunean prestatutako profesionalak ateratzeko

Gaur egun, zibersegurtasunaren arloan profesional asko eskatzen dira, eta etorkizunera begira ere eskaera handia izaten jarraitzea aurreikusten da

Bokazioa sortzen eta etorkizuneko profesionalak prestatzen laguntzen duten ekimenak bultzatzea garrantzitsua da

Ziberkrimenaren negozioak azken urteetan hartutako profesionalizazio-maila medio, ziberkriminalek erabiltzen dituzten teknikak, taktikak eta prozedurak etengabe aldatzen ari dira, eta horrek nabarmen zailtzen du zibersegurtasuneko profesionalen lana, katuaren eta saguaren arteko etengabeko jokoa sortzearekin batera.

Onura ekonomikoa izateko bide berriak etengabe bilatzen ibiltzearekin, tradizionalki oinarritzen ez ziren inguruneetan gero eta gehiago oinarritzen dute jarduera; esate baterako, industrian. Hori dela-eta, gaur egun, sektore horretan gero eta profesional gehiago eskatzen dira, eta aurreikuspen guztiek eskari hori etorkizunean mantenduko dela adierazten dute. 

Egoera horri erantzuna emate aldera, Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Sailaren eta bestelako erakunde publiko nahiz pribatuen bitartez, zibersegurtasunaren inguruan bokazioa sortzera bideratutako ekimenak bultzatzen ditu, adingabeek arlo hori garapen profesionalerako bide moduan identifika dezaten. 

2018. urtean, Hezkuntza Sailak, Zibersegurtasunaren Euskal Zentroarekin elkarlanean, zibersegurtasunean prestatzeko programa jarri zuen abian lanbide-heziketako ikastetxeetako irakasleentzat eta ikuspegi oso praktikoarekin, praktika horiek informatikako irakasgaietan pixkanaka sartzen joatearren, ikasleak lan-merkatura sartzean hobeto trebatuta egote aldera. 

Halaber, gure jarduera hasi genuenetik aurrera, zentroak CyberHaurrak programa eskaintzen du, eta, bertan, adingabeak, irakasleak eta guraso-elkarteak kontzientziatzeko jardunaldiak egiten dira. Era berean, modu aktiboan esku hartzen dugu lanbide-heziketako ikastetxeekin, zibersegurtasunaren arloan ekimenak jorratuaz; tartean, honako hauek daude: Maristak-Durango Ikastetxea, Xabier Zubiri Manteo BHI eta Eibar-Ermua BHI UNI. Batez ere ekimen horietan parte hartzen duten ikasleei lan-merkatura errazago irtetea laguntzen diegu. 

Lanbide-heziketa, funtsezkoa profesional kualifikatuak ateratzea laguntzeko 

Irailaren 19an, kontzientziazio-jardunaldia antolatuko dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin, eta bertan izango dira lanbide-heziketako ikastetxeetako zuzendariak. 

Bertan, gai ugari jorratuko dira, eta, tartean, zibersegurtasunaren egungo egoera Euskadin (arriskuak eta mehatxuak barne), merkatuaren egungo eta etorkizuneko aukerak, eta, batik bat, Lanbide Heziketak duen paper garrantzitsua profesional kualifikatuak ateratzeko. 

Eztabaidaren ondoren, kontzientziatzeko jardunaldia egingo da, eta, azkenik, instalazioak bisitatuko dira. Horrela, zentroak betetzen duen lana agertzeaz gain, ikastetxeek gizarte seguruagoa eta zibermehatxuen aurrean babestutakoa sortzen lagun dezakeela azalduko da. 

Garrantzitsua da bokazioa sortzen eta etorkizuneko profesionalak zibersegurtasuna bezalako sektore hain aldakorraren aurrean prestatzen laguntzen duten ekimenak bultzatzea.