Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Narrazio-teknikak pitching konbentzigarri bat egiteko

Ed Gabrys

Gartner aholkularitza-etxeko Ed Gabrys ikerketa-zuzendaria izan da konbentzituko duen komunikazio bati buruzko tailerra eman duena, startup enpresei bideratua.

Ekintzailetzako kultura sendoa dago Euskadin, eta zibersegurtasunaren esparruko ekimen guztiei babesa ematen zaie BCSCtik.

Eusko Jaularitzak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez, Euskadi punta-puntako ekosistema gisa garatzeko egiten diren ekimenak sustatzen ditu, Fabrikazio Adimentsuko Estrategiaren (RIS3) barruan jasotzen diren sektoreetan bereziki, hala nola: fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak.

Estrategia horren parte gisa ekintzailetzako ekimen desberdinak babestu eta sustatzen ditu, Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia (SPRI) bezalako organismo publikoen bidez edo BIND4.0 eta ekintzailetzaren euskal ekosistema osatzen duen Up! Euskadi bezalako mekanismoen bitartez.

  • BIND4.0 startupen azeleraziorako programa publiko-pribatua da, Eusko Jaurlaritzak, SPRI Taldeak eta Euskadiko enpresek gidatua. Hirugarren edizioan 40 trakzio-konpainiek hartu dute parte, 32 startupetako 524 parte-hartzailek eta 4.0 industriako teknologia berrietan oinarritutako ia berrogeita hamar proiektuk, horien artean garrantzia berezia izan duelarik zibersegurtasunaren esparruak.
  • Up! Euskadi ekimenak Euskadiko ekintzaileen lehiakortasuna bermatzea du helburu, ekintzailetza horiek abiatzeko baldintza egokien ezarpenaren bidez.

Business Innovation Center desberdinen garrantzia

Up! Euskadi ekimenaren barne hartutako Business Innovation Center (BIC) zentroek laguntza-zerbitzuak eskaintzen dizkiete ekintzaile eta enpresei, oinarri teknologikoa duten ekimen berritzaileak sustatu eta hala haien garapena bultzatzeko. Ekintzaile horiei garapenerako aukera emango dien ekosistema bat babestu, sortu, gaitu eta osatzea da zentro horien funtzioa, eta bai negozio berri horien sortze-fasea, hazkuntza, sendotzea eta etorkizuna jorratzeko behar dituzten trebetasunak ematea.

  • BIC Bizkaia. Manufaktura aurreratuko, teknologiako, bioteknologiako, mikroteknologiako eta nanoteknologiako sektoreetako proiektu eta enpresak hartzen ditu.
  • BIC Gipuzkoa. Erraztaile gisa jarduten du enpresa berritzaile berrien sorrera-prozesuan, eta agente aktibo da ekintzailetza-kulturaren babes- eta sustatze-prozesuan.
  • BIC Araba. Enpresa-proiektu berriak ehun produktiboan txertatzeko baliabide dinamizatzaile gisa jarduten du.

Diskurtsoa, funtsezko aspektua ekintzailetza abiatzeko orduan

Produktu edo zerbitzu berritzaile bat ezagutzera emateko modua proiektua bera baino garrantzitsuago izan ohi da askotan, eta funtsezkoa da hori modu eraginkorrean komunikatzen jakitea, publiko objektiboaren interesa pizteari begira.

Lehiakortasuna hobetzen lagundu eta proiektu berrien abiatzea babesteko xedez, "Storytelling-aren gakoak startup-ei beren buruak hobeto saltzen laguntzeko" jardunaldia ospatu da gaurko egunez, Zibersegurtasunaren Euskal Zentroak (BCSC) eta Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak (SPRI) antolatuta. Hogeita hamar startup inguruk hartu dute parte jardunaldian, batez ere BICetan oinarrituak daudenak.

Storytelling edo narrazio-teknikei buruz aritu da batez ere jardunaldia; Ed Gabrys Gartner aholkularitza-etxeko ikerketa-zuzendariak, estrategia eta enpresen lidergotzako nazioarteko aditu nagusienetakoak, aurkezpen baten giltzarriak zeintzuk izan behar duten azaldu du, interesa piztu eta negozio-ideia bat garatzen lagun dezan. Teknika narratibo horiek publikoarekin konektatzeko bidea ematen dute, eta ekintzaile batek komunikatu nahi duen mezua modu ezin hobean ulertu eta barneratzen laguntzen dute; hori horrela, konfiantzazko harremana ezartzen ere laguntzen da, eta inpaktu positibo bat erdiesten.

Startupen garapenean baliagarriak diren antzeko prestakuntza-jarduerak kontsulta daitezke Enpresa Digitala webgunean.