Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

BCSC-k zibersegurtasunaren kontzientziazioaren garrantzia nabarmendu du NextSecure ekitaldiaren 21. edizioan

NextSecure

Euskadiko zibersegurtasunari buruzko ibilbide luzeeneko ekitaldia da NextSecure, non informazioaren segurtasunaren teknologiei buruzko berrikuntza guztiak ematen diren ezagutzera.

BCSCko segurtasuneko intzidentziei erantzuteko lantaldeko (ingelesez CSIRT siglak) arduradun den Asier Martínezek nabarmendu duenez, azken urteetan esponentzialki gora egin dute bitarteko digitalen bidezko delituek; gogoratu du, gainera, funtsezkoa dela kontzientziazioan, trebakuntzan eta kolaborazioan lan egitea.

NextSecure zibersegurtasuneko erreferentziazko ekitaldi nazionala da duela urte askotatik hona. Aurtengo 21. edizioan bai enpresa pribatuetako eta bai erakunde publikoetako profesionalen zerrenda bildu da, informazioaren segurtasunaren teknologien inguruko azken berrikuntzak komunean jartzeko helburuarekin beti.

S21Sec eta Nextel SA etxeek bat egin zutenetik lehen aldiz modu bateratuan antolatzen den jardunaldia maiatzaren 8an ospatu da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta zibersegurtasuneko zerbitzuen enpresa hornitzaileen babesa izan du, Panda Security eta Redborder etxeena besteak beste, BCSCren Liburu zurian eta Zibersegurtasuneko katalogoan jasotzen direnak. Ekitaldian fabrikatzaile handien partaidetza ere izan da.

Agustín Muñoz-Grandesek inauguratu du NextSecure ekitaldia, S21sec etxeko zuzendari exekutiboak, eta bere hitz-hartzearen ondoren ospatu da honako hitzaldi eta panelez osatutako jardunaldia:

  • Koldo Peciña (proiektuen kudeaketako bulegoko burua S21Sec-en) - "Nola jokatu ezerk ez dezan zure negozioa gelditu?"
  • Ramsés Gallego Iglesias (estratega eta ebanjelista Symantec-eko zuzendaritza teknikoko bulegoan) - "Gorabidean dauden mehatxuak zibergarai baterako".
  • Antonio Cañada (enpresako kontuen kudeatzailea FireEye-n) - "Segurtasun adimentsua".
  • "Identifikazioa, babesa eta erantzuna sareko erasoen bilakaeraren aurrean" aditu-taldea.
  • Igor Unanue (zuzendari teknikoa S21Sec-en) - "DFIR: Paradigmak aldatzen intzidente kritikoen erantzunean".
  • Mario García (zuzendari nagusia, Check Point Espainia eta Portugal) - "Zibersegurtasuna 2020rako".
  • Iker del Fresno (salmenten gerentea Aruban) - "Gaueko erregearen mehatxua: harresia ez da nahikoa".
  • "Teknologia eta zerbitzu aurreratuak zibersegurtasunaren kudeaketarako" aditu-taldea.

NextSecure-n amaiera-ekitaldia, iaz gertatu bezala, Asier Martinez Retenagaren eskutik etorri da, Zibersegurtasunaren Euskal Zentroko CSIRT lantaldearen arduraduna.

Bitarteko digitalen bitartez egindako delituek esponentzialki gora egin dutela nabarmendu du. 2013. urtean 4.274 delitu zenbatu ziren. Kopuru horrek gora eta gora egin du azken urteetan, 2018. urtea izan delarik hazkunde errekorreko portzentajea izan duena; izan ere, % 38an hazi da delitu kopurua aurreko urtearekiko, Ertzaintzak sareko 12.785 delitu kudeatu dituelarik.

Adierazi du, gainera, guztiz profesionalizatua dagoela sareko delituen negozioa, eta estrategia jakin bat jarraitzen dutela: etekinak ahalik eta arrisku txikienarekin eta inbertsioaren itzulkin handienarekin lortzea. Erabat profesionalak diren taldeak dira, finantziazio-iturri sendoekin, modu bateratu eta koordinatuan lan egiten dutenak helburu horiek erdiesteko. Hori horrela, mehatxu mota horien aurrean eman behar den erantzuna, neurri teknikoak aplikatzeaz gain, erabiltzaileen kontzientziazioa, profesionalen trebakuntza, kolaborazioa eta informazioaren partekatzea bezalako esparruetan irmo lan egitetik ere pasa behar da.

Zentrotik bertatik euskal gizartean zibersegurtasunaren kultura bat sustatzeko gauzatzen ari diren ekimen batzuen berri eman du azkenik, bai herritarrak eta bai enpresak babestuago egon daitezen mehatxuen aurrean, eta, era berean, enpresek zibersegurtasunaren kultura hori balia dezaten beren lehiakideen aurrean, balio bereizgarri gisa.