Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

PuntuEUS Fundazioak eta BCSCk lankidetza-hitzarmena sinatu dute .EUS domeinuen segurtasun-maila areagotzeko

bcsc, puntu eus

Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak (BCSC) eta PuntuEUS Fundazioak batera egingo dute lan estrategien garapenean, TLD .EUS domeinuari dagozkion domeinuen babesa hobetu ahal izateko. Aste honetan lankidetza-hitzarmena sinatu dute, eta bertan .EUS domeinu guztiak monitorizatzeko tresna garatzea jaso da. Horri esker, alde batetik, ebidentziak identifikatuko dira jakiteko ea domeinuren batek zibermehatxurik izan duen eta ondoren gertakaria kudeatzeko, eta bestetik, domeinuen egungo egoera ebaluatu ahal izango da haien segurtasuna areagotzeko neurriak proposatzeko beharra zehazte aldera.

PuntuEUS Fundazioaren helburua euskara eta euskal kultura sustatzea da, baita hizkuntza eta kultura horren komunitatearen kohesioa ere. Halaber, ICANN korporazioarekin egindako akordioaren bitartez, 2013ko ekainetik .EUS domeinua kontrolatu, administratu eta kudeatzeko erakunde arduraduna da. Euskal komunitate digitalerako aitortza horretarako, funtsezkoa izan da PuntuEUS Elkarteak urteetan egindako lan nekaezina. Hain zuzen ere, elkarte hori PuntuEUS Fundazioa bihurtu da.

Gaur egun, 8.500 .EUS domeinu inguru daude, eta urte bukaeran 10.000 domeinu izango direla uste dute. Lankidetzari esker, .EUS domeinuei eragiten dizkieten zibersegurtasuneko gertakariak modu efizienteago eta efektiboago batean kudeatuko dira, haien zibersegurtasuna areagotuko da, erabiltzaileen konfiantza handituko da eta TLDaren erabilera sustatuko da; beraz, .EUS domeinuaren bitartez euskararen erabilera, presentzia eta ikusgarritasuna bultzatuko dira inguru digitalean.

Era berean, horrek ere erakusten du erakundeen arteko kooperazioa garrantzitsua dela zibermehatxuari aurre egiteko. Izan ere, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak alderdi hori nabarmendu zuen duela gutxi, Bilbon maiatzaren hasieran egindako NextSecure ekitaldian. Ziberdelitugileek gero eta teknika aurreratuagoak erabiltzen dituzte, eta eraso bateratu eta globalak egiteko antolatzen dira. Hortaz, zibersegurtasun sektoreko eragile guztien lankidetza estua behar da haiei aurre egiteko. Elkarrekin indartsuagoak gara.

Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak tokiko eragileekin, PuntuEUS kasuan bezala, estatukoekin eta nazioartekoekin lankidetzan aritzeko hitzarmenak sinatzearen ondorioz sortutako sinergiak modu aktiboan identifikatzen jarraituko du, Euskadi zibersegurtasunean ekosistema helduagoa eta, beraz, seguruagoa izan dadin.