Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Security Awareness: Zibersegurtasuna izango da protagonista Euskal Encounter 26 ekitaldiko OpenGune eremuan

Euskal Encounter ekitaldia nazio mailako erreferentzia lortu duen informatika party bat da. Lau egunez, 5.000 pertsona baino gehiago biltzen dira Bilbao Exhibition Centre zentroan, informatikaren eta bideo-jokoen munduarekin erlazionatutako ezagutzak partekatu eta jarduerak burutzeko. 60 Gbp-ko interneterako konexioa egoten da eskuragarri.

Euskal Encounter topaguneak SPRI eta BCSC erakundeen babesa dauka, noski, eta minutu batzuetan leku guztiak agortu dira, oraingoan ere. Hala ere, bertara gerturatu nahi duten guztientzako leku irekia da. OpenGune pertsona guztientzako irekita dagoen eremu bat da. Ez da beharrezkoa sarrera edo gonbidapenik izatea. Bertan, tailerrak eta hitzaldiak ematen dira. Edizio honetan, zibersegurtasunaren arloko jarduerak burutuko dira, aurtengo leloak adierazten duen moduan: Security Awareness. BCSC erakundea horiek sustatzen aritu da.

OpenGune: Ikasi eta partekatzeko eremua

Spri - Enpresa Digitala eremuko tailerrak enpresei zuzenduta egongo dira eta zibersegurtasunarekin zuzenean lotuta dauden bi hitzordu berezi izango dira. Horietako lehena uztailaren 26an izango da, osteguna, 16:00etan. "Enpresak zibersegurtasunaz sentsibilizatzea" izenburupean, Joseba Enjuto eta Enrique Moreyk (Nextel) azalduko digute zein garrantzitsua den edozein enpresetan zibersegurtasun arloko neurriak hartzea. Batez ere, zibersegurtasunak bulegoan duen garrantziaz arituko dira.

"Segurtasun(ez)a wifi inguruneetan" hitzaldia izango dugu bigarrena. Uztailaren 27an izango da, ostirala, 16:00etan. Daniel Ricok (JakinCode) alanbrerik gabeko sareen segurtasun-ahultasunen berri emango digu. Esaterako, orain dela gutxi gaur egunera arte erabiliena zen WPA2 protokoloari eragin zion batek. Horren ondorengoa, WPA3, bidean da dagoeneko, sare mota horien babesa indartzeko xedez.

Adin eta profil guztietarako hitzaldiak

Zibersegurtasunak presentzia handia izango du Euskal Encounter ekitaldiko hitzaldietan ere. Ildo horretatik, hitzaldien bidez industria arloko zibersegurtasunean IT eta OT delakoen arteko distantzia desmitifikatu nahi da. Horri buruz hitz egingo digu Joseba Enjutok (Nextel); bestalde, Rosa Pérez eta Juanfran Ruizek (Gaptain) adingabeek interneten eta gailu elektronikoen mende izan ditzaketen arriskuez hitz egingo digute.  

Zibersegurtasunari buruzko hitzaldi-zikloa osatzeko, Segurtasun Informatikoari buruzko Euskalhack Elkarteak hitzaldi bat emango du helduentzako teknologia berrien segurtasunaren inguruan; eta, Alazne Villarrek (VOSTEUSKADI) sare sozialetako zurrumurruen zabalkundeari buruz hitz egingo du.

Era berean, Iratxe Martínek, Head of ICT Infrastructure, moderatzaile lana egingo du eremu berezi batean, eta software jabearen eta software librearen arteko desberdintasunez hitz egingo da, zibersegurtasunari dagokionez.

Segurtasuna, hacking eta arte digitalaren inguruko lehiaketak

Baina ez dira soilik partikular eta profesionalei bideratutako jarduerak izango. Euskal Encounter topaketara bertaratzen direnek zibersegurtasun arloko ezagutzak eta trebetasunak praktikan jartzeko aukera ere izango dute, lau lehiaketaren bidez. SmashCTF izenekoa "bandera harrapatu" edo Capture The Flag motako lehiaketa bat da. Taldeek beren eremu birtuala defendatu beharko dute, arerioenak erasotzen dituzten bitartean. Helburua: zazpi orduko lehiaketa batean zehar, ahalik eta puntu gehien lortzea.

Bestalde, Hacklt delakoak programatzaile eta ingeniaritza alderantzizkatuaren arloko adituenak sarituko ditu. Aldiz, Solveit delakoan logika-mailak, puzzleak eta asmakizunak landuko dira. Lehiaketa horietan parte-hartzea bideratzeko, aurretik hitzaldi bat emango du antolakuntzak, funtzionamendua azaltzeko. Lehiaketak burututa, soluzioak ezagutzera emango dira eta sariak banatuko zaizkie talderik onenei.

Zibersegurtasuna protagonista izango da arte digitalaren inguruko lehiaketan ere. Kategoria propioa izango du. Ilustratzaileei aurkeztuko zaien proposamena zera izango da: hiru eta sei bineta bitarteko tira bat sortzea pribatutasunaren aurkako mehatxu, iruzur eta arriskuen inguruan, azken irakaspen edo aholku batekin.

OpenGunean zein adierazitako jardueretan zibersegurtasunak pisu handia izango du, beraz. Horren bidez, asmoa da bertaratutakoak sentsibilizatzea eta oinarrizko neurri batzuk hartzearen garrantziaz jabetzea, zibermehatxuek masiboki eta modu indiskriminatuan egiten baitute eraso.