Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Sextortsio-saiakerek gora egin dute konfinamenduan

COVID-19 pandemiak eragin duen derrigorrezko konfinamendua dela eta, Interneten eta sare sozialen erabilerak gora egin du nabarmen. Erabiltzaileak bitarteko horiek baliatzen ari dira lagunekin, senideekin eta abarrekin harremanetan jartzeko. Teknologia gehiago erabiltzearen ondorioetako bat da iruzur-saiakera bat jasateko arriskua ere handiagoa dela, baita sexu-edukiei lotutakoak ere.

Iruzur horien artean, nabarmentzekoa da sextortsio-kanpainen gorakada. Horietan, iruzurrezko mezu elektronikoen bidez horien hartzaileei xantaia egiten saiatzen dira bidaltzaileak, sexu-edukia duen ustezko bideo bat zabaltzearekin mehatxu eginez; bideo hori, gehienetan, ez da existitzen. Xantaia egiteko, mezuaren hartzaileari mehatxu egiten zaio artxibategi hori beraren kontaktu guztiei bidaltzearekin diru-kopuru bat ordaindu ezean, normalean bitcoin-txanponetan, 48 orduko epean.

Kanpaina horietan, zibergaizkileak antolatutako taldeetan aritu ohi dira. Talde horiek mezuak bidaltzen dituzte masiboki, Interneteko informazio publikoaren ihesei esker eskuratutako posta elektronikoen zerrendetara. E-mail gehienetan, biktima beldurtzen saiatzen dira, haren ordenagailuaren jarduera monitorizatu dutela adieraziz, eta kasu batzuetan sexu-edukia duten webguneetan sartu izana aipatzen dute. Mezu elektroniko horien bidez lortu egiten dute hartzaileak kezkatzea, ordenagailuen aurrean sexu-jarduerarik egin ez badute ere. Hori lortzeko, hartzaileek erabili izan duten pasahitzen bat adierazten dute mezuetan; pasahitz horiek arestian aipatutako zerrendetan eskuratzen dituzte ziberkriminalek

Estortsio-mota hau adina eta generoa bereizi gabe egiten da. Dirua lortzeko helburua duen eta mezuen hartzaileen beldurraz baliatzen saiatzen den xantaia-mota bat da. Ustezko fitxategia publiko egin ez dadin ordaintzeak, noski, atea zabaltzen die era guztietako beste xantaia batzuei. Era berean, badira bestelako jarduera batzuk, sexting delakoa esaterako, sextortsio-kasu bat eragin dezaketenak. Jarduera horretan, eduki erotiko edo sexuala duten mezu, argazki edo bideo pertsonalak bidaltzen dira mugikorraren, posta elektronikoaren edo beste gailuren baten bitartez. Normalean, bi pertsonaren artean eta intimitatez egiten da. Arriskua argazkiak bidalitakoan hasten da, haien gaineko kontrola galtzen baita, eta gainerakoek legez kontra erabil baitezakete materiala, beste pertsonari xantaia eginez, edo sexu-eduki hori ezagun eta senideei helarazteko mehatxua eginez.

Iruzur horren biktima ez izateko aholkuak

Kasuen gorakada dela eta, Basque Cybersecurity Centre-n sexting-iruzurrei buruzko infografia bat sortu dugu, mota horretako iruzur baten biktima bazara zer egin behar duzun azaltzeko, baita biktima ez izateko zer jarraibide bete behar duzun ere:

  • Ez ireki inoiz eskatu ez duzun edo ezezagun batek bidali dizun posta elektronikoko mezu bat. Normalean, mota horretako mezuak masiboki bidaltzen dira, hartzaile zehatzik gabe; hortaz, erantzunez gero zibergaizkileari jakinarazten zaio kontua aktibo dagoela. Aholkurik onena e-maila besterik gabe ezabatzea da eta, jakina, inolako eranskinik ez deskargatzea.
  • Era berean, ez zaie mota horretako mezuei erantzun behar, are gutxiago informazio pertsonala bidali txat batean edo elkarrekintza batean (edozein motatakoa dela ere) ezagututako pertsonei.
  • Estortsioren bat jasanez gero, ez ordaindu "erreskatea" inoiz, eta laguntza eskatu Segurtasun Indarrei, haiek badituzte eta mota horretako arazoak konpontzeko espezializatutako sailak.
  • Saiatu pasahitz seguru eta sendoak izaten, eta ez erabili gauza bat baino gehiagotarako. Zibergaizkileek horietako bat eskuratzekotan, bidea zabalik izango dute erabilitako beste zerbitzu edo kontu askotara sartzeko.
  • Eguneratu, eskatzen duten guztietan, sistema operatiboa eta antibirusa. Eguneratze horiek eginez salatu izan diren segurtasun-arrakalak ixten dira, eta horri esker seguruago nabiga daiteke.

Gainera, kontuan hartu beharra dago eduki sexuala edo erotikoa duen beste pertsona baten argazki edo bideo bat jasoz gero, inoiz ez dela birbidali behar, delitua baita.

Amaitzeko, kontzientzia hartu beharra dago bizitza errealean ditugun jokabideak indarrean daudela konektatuta gaudenean ere, bereziki arlo labainei dagokienez, esate baterako gure pribatutasun pertsonala, gure datuena, edo besterik gabe gure ondasunen babesa. Sen ona da gure armarik eraginkorrena, eta usu baliatu beharko genuke.

sextorsion

Zibergaizkileek sexu-edukiak dituzten ustezko bideoak zabaltzearekin egiten diote mehatxu biktimari.

Xantaia jasatekotan, ez inoiz ordaindu eskatutako diru-kopurua, eta gertatutakoa berehala jakinarazi agintaritzari.