Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Eusko Jaurlaritzak Zibersegurtasun Industrialera bideratutako laguntza programaren bigarren edizioa jarriko du martxan

Operario en fábrica industrial trabajando en un sistema de ciberseguridad.

600.000 euroko hasierako aurrekontua du SPRI eta Euskadiko Zibersegurtasun Zentroaren gidaritzapean dagoen ekimenak.

2018ko deialdian, 102 proiektu onartu ziren, Euskadiko enpresen heldutasun-maila zibersegurtasunaren arloan handitzen lagundu zutenak.

Eusko Jaurlaritzak, SPRI eta Basque Cybersecurity Centre-ren bidez, Zibersegurtasun Industrialera bideratutako laguntza programaren edizio berria jarriko du martxan, 600.000 euroko hasierako aurrekontu esleitu baten bitartez. 2018ko deialdiak arrakasta eta eskari handia izan zituen. Hori dela eta, nahiz eta hasierako aurrekontua 600.000 eurokoa ere izan izana, milioi bat eurora handitu zen azkenean, aurkeztutako proiektu guztiei erantzun ahal izateko.

2018an hasitako Zibersegurtasun Industrialera bideratutako laguntza-lerro berriak jarraipena izango du 2019an, Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Basque Cybersecurity Day ekitaldian jakinarazi zuen legez.

Programa horren xedea da Zibersegurtasun Industriala sustatzea, Basque Industry 4.0 estrategian eta 2020ko EAEko Agenda Digitalean jasotako Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren xedeekin bat etorriz. Hori egiteko, industria-enpresetan zibererasoetatik babesteko sistemen konbergentzia eta integrazioa IT/OT (Information Technology / Operational Technology) inguruneetarako jasoko duten proiektuak aintzat hartuko dira, bereziki.

Diruz lagundu ahalko dira honako tipologia hauek dituzten proiektuak:

  • Zibererasoetatik babesteko sistemen konbergentzia eta integrazioa IT/OT (Information Technology / Operational Technology) inguruneetarako. Arkitektura seguruak diseinatu eta exekutatzea eta, hala badagokio, sare industrialen segmentazioa gauzatzea.
  • Produkzio lantegiko ekipo industrialetarako ¾beharrezkoak direnak ekipoen mantenimendurako, kontrolerako eta operazioetarako¾ urruneko OT sarbideen sekurizazioa; lan horiek gero eta sarriago egiten dira urrunetik.
  • Informazio/datu industrialen sekurizazioa. Antolakundetik kanpoko pertsonek eginiko auditoretzak eta eraso-simulazioak, eta konpainiako datuetarako sarbide-maila desberdinak dituzten barne profilen auditoretzak.
  • Produkzio lantegietako software industrialaren zibersegurtasuna ebaluatzea eta hobetzea.
  • Enpresa industrialetako langileak zibersegurtasunaren inguruan kontzientziatzeko ekimenak.
  • Industriak zibersegurtasun industrialaren arloan duen egoeraren diagnostikoa egitea eta ekintza plan bat prestatzea zibersegurtasuna hobetzeko. Arrisku industriala eta ahultasun industriala aztertzea. Sistema industrial kritiko bateko elementuen inbentarioa egitea. Intrusio industrialeko test bat egitea. Ahultasunak aztertzea web aplikazioetan. Haririk gabeko komunikazio industrialen auditoretzak egitea.
  • Zibersegurtasun Industrialeko estandarretara egokitzea. Honako hauek kudeatzea: ISO27001 arauak, Segurtasun Eskema Nazionala, PIC (Azpiegitura Kritikoen Babesa), zibersegurtasun prozesuaren etengabeko hobekuntza eta antzekoak.
  • Eremuak eta konduktuak modelatzea Zibersegurtasun Industrialeko proiektuetan.
  • Perimetroko segurtasun gailuak eta beste gailu industrial batzuk (Switches, zundak, Appliances, firewall industrialak, PLCak, etab.) monitorizatzea.
  • Enpresa industrialen zibersegurtasun-maila esanguratsuki hobetzeko eta gerta daitezkeen eraso mota desberdinekiko arriskua eta ahultasuna murrizteko beste proiektu batzuk.

Bestetik, laguntza planaren ezaugarririk nabarmenenak honako hauek dira:

  • Gehienezko diru-laguntza 18.000 eurokoa izango da, urtean eta enpresa bakoitzeko.
  • Orokorrean, diru-laguntzen intentsitatea % 50ekoa izango da.
  • Aurretik aipatutako enpresei lotutako enpresa industrialek edo zerbitzu teknikoetakoek (produktuari zein prozesuari lotutakoek) eskuratu ahal izango dituzte programa horrek arautzen dituen diru-laguntzak, bai eta produktu industrialak diseinatzen eta muntatzen dituzten enpresek ere.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko talde industrialetako enpresa matrizek ere jaso ditzakete laguntzak, eskatzen badituzte eta aurreko puntuko ezaugarriak osotasunean betetzen badituzte, betiere haien egoera ekonomiko kontsolidatua kontuan izanik.
  • Laguntza-eskabideak aurkezteko epea programa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2019ko azaroaren 28an amaitu.

Lehenengo edizioak erabateko arrakasta izan zuen

2018ko deialdian, 102 proiektu onartu ziren. Horietatik, 56 Gipuzkoako hainbat enpresari zegozkien; 25, Bizkaiko hainbat enpresari; eta 21, Arabako hainbat enpresari. Horrez gain, 985.161 euroko bukaerako diru-laguntza onartu zen. Proiektu horien batez besteko diru-laguntza 9.658 eurokoa izan zen.

Zibersegurtasun Industrialera bideratutako laguntzak, SPRI Taldean osatutako eta Arabako Parke Teknologikoan kokatutako Zibersegurtasun Euskal Zentroaren (BCSC, ingelesezko siglen arabera) sorreraren testuinguruan sortutako ekimen aitzindaria dira; haien helburu nagusia da zibersegurtasun neurriak aplikatu daitezen sustatzea, gizarte seguruagoa garatzen laguntze aldera, bai eta Euskadiko zibersegurtasun ekosistemari ikusgarritasuna ematea ere.