Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Zibersegurtasuna funtsezko elementua da energiaren sektorean; gai hori izango da ardatz nagusia BCSC zentroak esperientziak partekatzeko asmoz antolatutako jardunaldian

industria, energía

Edozein sektoretan gerta daitezke zibererasoak, baita energetikoan ere. US-CERT taldeak energiaren sektorean eta beste azpiegitura batzuetan gertatutako zibererasoen inguruko abisuak eman ditu berriki. Era berean, txosten batzuen arabera, energia-enpresetako industria kontrolerako sistemen % 40k erasoak jasan dituzte malware bidez, gutxienez behin, 2017 urtearen bigarren erdian.

Energiaren sektorea hain estrategikoa izanik, zibererasoengandik babesteko kezka handia dago; hainbeste, enpresen euren ahaleginak kontuan izanda ere, Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Europar Batasuna egiteko horretan inplikatu dira. Zibersegurtasunaren inguruko planak garatu dituzte eta energiaren industria babesteko neurriak ezartzeko gomendioak jasotzen dituzten txostenak burutu dituzte.

Energiaren sektorea zibersegurtasun arloan punta-puntakoa izan dadin, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak (BCSC) eta SPRI taldeak jardunaldi bat antolatu dute ostiralerako, Enpresa Digitalaren bidez, energiaren sektorean lan egiten duten teknologien zibersegurtasunaren inguruan.

Beharrizan eta esperientziei buruz hitz egiteko foroa

Euskadik enpresa-sare garrantzitsu bat dauka energiaren arloan. Orain, gainera, zibersegurtasunaren inguruko beharrizan eta esperientzien inguruko foro bat izango dute. Lantegietako Gerente, Lantegietako Operazioen Arduradun, Sistema edo Segurtasun Zuzendari edota zibersegurtasun arloko produktu eta zerbitzuak hornitzen dituzten erakundeei zuzendutako jardunaldia da. Sektoreak aurre egin beharreko erronka eta aukeren inguruan hitz egingo da.

Javier Diéguez, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroko (BCSC) Zuzendariak inauguratuko du ekitaldia eta, hasiera batean, lege eta industria arloko beharrizanen inguruan hitz egingo da. Ondoren, sektorean zibersegurtasunak daukan garrantzia eta horren inguruko arazoak azaltzeko panel bat aurkeztuko da. Horretarako, Giroa-Veolia, Siemens-Gamesa eta Energia Klusterreko adituak izango dira bertan.

Esperientziak partekatzeko asmoz, Titanium enpresak ahulezia analisi bat nola egiten den azalduko du eta jardunaldiaren azken zatian konponbide eta esperientzien aurkezpen bat egingo da, energiaren sektorearen zibersegurtasun teknikak aplikatzeari dagokionez. ITS - Grupo Egile XXI taldea energia industrialeko sareetan intrusioak atzemateko daukaten konponbidea aurkeztuko dute; Sermicro - Grupo ACS taldea energia ekipoen inguruko esperientziaren berri emango dute; eta Tecnaliak zibersegurtasunari buruzko konponbide, ziurtagiri eta araudiak aurkeztuko ditu.

Ostiralean izango den jardunaldiaren eta antzekoen antolaketaren bidez lortu nahi duguna zera da: Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa enpresen arteko lotura moduko bat izatea, bai zibersegurtasun zerbitzuak eskaintzen dituztenenen artean, baita horien eskatzaile izan daitezkeenen artean ere. Esperientziak partekatzeko eremuak dira BCSC zentroaren estrategiaren ardatz nagusietako bat. Hala erakutsi da hainbat ekitaldiri emandako babesaren bidez, hala nola IndusSec 2018 edo "Euskal Industriaren Ahotsa" izeneko topaketa.