Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Zibersegurtasuna eraldaketa digitalaren oinarri modura, INCIBEk antolatutako ENISEren 12. edizioaren ardatza

ENISE
19/10/2018

Urriaren 23an eta 24an Leonen egingo da Informazioaren Segurtasunari buruzko Nazioarteko Topaketen (ENISE, Encuentro Internacional de Seguridad de la Información) hamabigarren edizioa, Zibersegurtasunerako Institutu Nazionalak (INCIBE, Instituto Nacional de Ciberseguridad) antolatuta. Gune horretan 1.000 parte hartzaile eta 130 hizlari baino gehiagok beren ezagutza eta esperientziak partekatuko dituzte. Bertan izango da Zibersegurtasunaren Euskal Zentroa (BCSC) ere, Zibersegurtasunaren sektoreko eragile esanguratsuenekin harremanak estutzeko xedeaz.

Duela zenbait urtetatik hona, ENISE ezinbesteko hitzordua da Zibersegurtasunaren sektorearentzat. Topaketak herrialde ezberdinetako adituak erakartzen ditu eta horiek bi ibilbide paralelotan hartzen dute parte. Lehen ibilbideak panelak, mahai inguruak eta hitzaldiak izango ditu hainbat gai lantzeko, besteak beste Zibersegurtasunaren azken joerak, IT/OT bateratzea edo datuen ihesa. Bigarren ibilbidea ekintzailetzari buruzkoa izango da. Zortzi mahai inguru eta keynote bat izango ditu, sortzen ari diren enpresa eta ekimenei tresnak eta ezagutzak emateko asmoz.

Eraldaketa digitala eta berori Zibersegurtasunari lotuta joateko beharra izango dira topaketaren ardatz nagusia. Administrazio publikoak nahiz enpresa pribatuak murgilduta daude edo honezkero pasa dira prozesu horretatik, baina Zibersegurtasuna bertan presente ez badago, ondorioak benetan larriak izan daitezke: datu pertsonalak agerian uzten dituzten segurtasun zuloak, sistemak edo azpiegiturak erasoen arriskupean, eta abar.

Harremanak estutzeko eta ezagutzak partekatzeko topaketa

Eraldaketa digital arrakastatsu baterako beharrezkoak diren Zibersegurtasun neurriak aplikatzeko tresna eta ezagutza guztiak izateak lankidetza eskatzen du. Lankidetza hori ENISE bezalako guneetan ematen da, eta bertan Eriz Lopetegui Operazio Ingeniariak ordezkatuko du Zibersegurtasunaren Euskal Zentroa (BCSC).

Zibersegurtasunaren sektoreko eragileekin harremanak estutzea eta ezagutzak partekatzea BCSCren eginkizunetako bat izan da 2017ko urrian sortu zenez geroztik. Asmo horrekin parte hartu dugu hainbat ekitaldi eta topagunetan, esate baterako Cybersecurity Summer Bootcamp.

Ekitaldietan aktiboki parte hartzeaz gain, BCSCk hainbat ekimenetan hartzen du parte. Horien adibide da estatu mailan diharduten Zibersegurtasun Gertakarien aurreko Erantzun Ekipoak elkartzen dituena (CSIRT.es). Beste batzuetan lider eginkizuna ere badu, hain zuzen ere BCSCko Zuzendaria den Javier Dieguez izan zen izendatua ECSOren Lankidetza Batzordean Europako eskualdeen ordezkari.

Enpresen eta erakundeen arteko zubi lana egiteko gure estrategiarekin jarraituz, BCSCk Basque Cybersecurity Day antolatu du datorren azaroaren 5erako, Euskadiko Zibersegurtasunaren topaketa gunea. Jardunaldi hori Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da. Herrialde ezberdinetako 30 aditu baino gehiagok zibersegurtasunaren arloan gaurkotasun osoa duten hainbat gairi buruzko beren ikuspegiak eskainiko dituzte. Ekitaldira bertaratzeko izen ematea doakoa da eta Basque Cybersecurity Day webgunean egin daiteke oraindik.