Martxoaren 22tik 24ra ospatuko da Tolosako Usabal Kiroldegian Gipuzkoa Encounter ekimenaren hamahirugarren edizioa, informatikaren esparruko zaletu eta profesionalen topagunea, ezagutzak partekatu eta gaiari lotutako mota guztietako ekintzak gauzatzeko helburuarekin. Zibersegurtasun Euskal Zentroak eta SPRI taldeak babestu eta laguntzen dute ekimena, iazko edizioan egin bezala.
Hitzordu teknologiko honek daukan harrera onaren froga gisa aipatzekoa da erabiltzaileentzako gordeta dauden 400 lekuen erreserba 2,1 segundotan baino ez zela egin, iazko edizioko 15 segundotako errekorraren parean.
Edizio honetan, 600 erabiltzaileren partaidetzarekin batera, arte digitalaren, hardwarearen, software askearen eta jokoen esparruko jarduerak egingo dira, hitzaldi eta tailerrekin batera. Azken horien artean gai desberdinak jorratuko dira: errealitate birtuala, errobotika, datuen programazioa eta analisia, aurpegi-ikuskapena eta zibersegurtasuna; garrantzia berezia du azken horrek eta, hori horrela, ordenagailu eta telefono mugikorretako arriskuak saihesten ikasiko dute erabiltzaileek, eta prebentzioaren alde egiten.
Hauek dira zibersegurtasunaren esparruko hitzaldi eta tailerrak:
Hitzaldi batzuetarako plazak mugatuak dira, beraz aurrez izena eman beharko da honako estekan: Gipuzkoa Encounter webgunea
Horrez gain, Hack it / Solve it lehiaketan parte hartu ahal izango dute parte-hartzaileek, non hackinga, alderantziko ingeniaritza, kriptografia, logika, puzzleak eta bestelakoak izango dituzten erronkatzat; Hack It programazioko eta alderantzizko ingeniaritzako mailetarako izango da eta Solve It, ordea, logika, puzzle eta igarkizunen mailetarako.