Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Zibersegurtasunaren euskal ekosistema, berrikuntzaren eredua, izango da global forum on digital security for prosperity ekitaldian

Londresen egingo da segurtasun-arloko espezialistak eta adituak urtero biltzen dituen ekitaldia.

Javier Dieguezek, BCSCko zuzendariak, parte hartuko du hilaren 15eko saioan.

Azaroaren 14an eta 15ean, Londresen egingo da Global Forum on Digital Security for Prosperity-ren bigarren urteko ekitaldia; diziplina anitzeko nazioarteko ingurune honetan, segurtasun-politiketako espezialistak eta adituak bilduko dira, zibersegurtasunaren arriskuen eta horren kudeaketa zuzenaren gaineko esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzea sustatzeko helburuarekin. Modu berean, esperientziak trukatzeko eta elkarrekin ikasteko esparru ezin hobea izango da; baita, zibersegurtasunaren gaineko ikuspegiak barneratzeko ere, betiere oparotasun ekonomikoari eta sozialari erreparatuta.

Foroa 2018ko abenduaren 13an eta 14an inauguratu zen ELGAn, Parisen, eta, hasieratik, ekitaldian parte hartu zuten aktore ezberdinen rolak eta erantzukizunak aztertu zituzten, enpresa eta erakundeetako zibersegurtasunaren politiketatik hasi eta teknologia digitalean segurtasunak duen garrantzira bitarte. Aldizka, Global Forumek gaikako ekitaldiak antolatzen ditu, eta horietan segurtasunaren arlo guztiekin lotura duten arduradunek eta adituek parte hartzen dute. 

Zibersegurtasunaren Euskal Zentroa, hilaren 15eko jardunaldiko protagonistetariko bat 

Oraingoan, BCSCko zuzendaria den Javier Dieguezek 4. saioan hartuko du parte (10:30); saioaren izenburua "Fostering Security by Design in Digital Innovation" da, eta, bertan, enpresa berriek (ez soilik segurtasunarekin loturikoek) zibersegurtasuna hasierako unetik aprobetxa dezaketela eta produktu eta zerbitzu digital berritzaile eta seguruak gara ditzaketela azalduko da. 

Baliabide berri bat sortzerakoan, merkaturatzeko denborak, erabilgarritasuna eta errentagarritasuna baloratu ohi dituzte enpresek segurtasunaren gainetik. "Lehendabizi eraiki egiten da, eta, ondoren, adabakia jarri", merkatuak lehen mugimendua egiten duena saritu ohi baitu. Ondorioz, kasu askotan, aplikazio eta gailu askok ez dituzte segurtasuneko oinarrizko ezaugarriak izaten. Javierrek, hitzaldian, zibersegurtasuneko euskal enpresak jardunbide egokien adibide moduan hartuta, segurtasuna diseinutik aplikatzeak duen garrantzia azpimarratuko du; izan ere, edozein erakundetan, eskaintzen diren produktuek eta zerbitzuek bata bestearen mendekoak izaten amaitzen dute, eta segurtasun-mailako gorabeherek ondorio ekonomikoak izan ditzakete oro har. Halaber, enpresariek eta inbertsiogileek segurtasun-gaia jorratzeko lantzen duten moduaz arituko dira: segurtasuna xehetasun txikia da?, itzuli beharrik gabeko kostua?, edo bezeroari produktuarekiko konfiantza eskaintzeko aukera gero eta garrantzitsuagoa? Laburbilduz, zibersegurtasunak politika eta estandar industrialak barne hartzen lagun dezakeela azalduko da alferrikako kargak sortu gabe eta merkatuan faktore bereizgarria izatera iritsi daitekeela, euskal enpresak adibide moduan hartuta. 

Zibersegurtasunaren arloko euskal ekosistemaren potentziala 

Ildo horretan, Zibersegurtasunaren euskal ekosistema ezberdina izan da hasieratik, etengabe berritzen joan baita Eusko Jaurlaritzaren babesari esker, Enpresa Garapeneko Euskal Agentzia (SPRI) eta Zibersegurtasunaren Euskal Zentroa (BCSC) bezalako ekimenen bitartez. Aipatzekoa da euskal enpresen ordezkaritza zabala izan dela azken IT-SAn, zibersegurtasunaren inguruan Europan egiten den erakusketarik handienean (urriaren 8tik 10era egin zen Nuremberg hirian), edo RSA Conferencera ere joaten direla (datorren urtean jarraituko du).