Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Zibersegurtasunaren euskal ekosistemak garrantzia irabazten du Europan

Javier Diéguez ECSO




European Cyber Security Organisationek (ECSO) Zibersegurtasun Euskal Zentroko (BCSC) zuzendaria den Javier Dieguez izendatu du 2. Lantaldearen zuzendarikide. Lantalde horren jarduera zibersegurtasunaren merkatuaren hedapena, inbertsioa eta nazioarteko lankidetza sustatzea da.

Euskal industria sektorean 4.0 estrategiak izan duen aurrerakuntza etengabeak zibersegurtasunaren industria indartsua garatzea eragin du azken urteetan. Lurralde berean zibersegurtasun arloko zerbitzuen eskaera handi bat eta soluzioen eskaintza oso bat batera ematen ari direnez, horrek Euskadi kokatzen du ekosistema oso interesgarri modura inbertsiorako eta ekintzailetzarako nazioarte mailan.

Zentzu horretan, ECSOren 2. Lantaldearen lehendakaritza izateak nazioarteko erakusleiho garrantzitsua suposatzen du gure eskualdean gai horretan egiten den guztiari ikusgarritasuna emateko. Gertakari horren aurretik, ekainean Javier Dieguez bera entitate publiko-pribatu beronen Lankidetza Batzordean (Partnership Board) Europako Eskualdeen ordezkari izendatua izan zen.
Hain zuzen ere, Javier Dieguez zuzendarikide izango den lantaldearen helburuen artean dago ECSOren kideei merkatu honen ezagutza zabalagoa eskaintzea, bai produktu nahiz zerbitzuen alorrean, bai hornitzaileenean. Era berean, bere jarduera nagusia inbertsio publiko eta pribatuko programa berritzaileak diseinatzea eta zibersegurtasunaren merkatuak dituen berrikuntzen eta joeren berri ematea da.

Euskal zibersegurtasunaren nazioarteko lorpen berri bat

Izendapen honek lagundu egiten du Euskadik nazioarteko garrantzia irabaz dezan zibersegurtasunaren alorrean, gai honi buruz Europan dagoen erakunde garrantzitsuenetako batean: ESCO izaera publiko-pribatuko erakundea da eta bertako kide dira administrazio publikoak, enpresak, ikerkuntza zentroak, elkarteak, eskualdeak eta zibersegurtasunean diharduten era ezberdinetako entitateak.

Euskadin garapena, lehiakortasuna eta berrikuntza industriala zaindu eta sustatzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen apustu irmoaren emaitza da Euskal Zibersegurtasun Zentroa. Gure helburua euskal gizartearen baitan zibersegurtasunaren kulturaren oinarriak jartzea da, horrela garapen ekonomikoan lagunduz, eta Euskadi kokatuz industrian zibersegurtasun neurriak aplikatzearen abangoardian. Zentzu horretan, ECSOn eskubide osoko kide modura sartu ginenez geroztik bereziki aktiboak gara, eta horrek protagonismo nabarmena lortzera eraman gaitu.

Gure zuzendaria Lantalde horren buru izendatzea hilabete askotako jardueraren emaitza izan da, Euskadik zibersegurtasunaren gaian dituen gaitasunak eta gure ekosistemak duen ahalmena erakustera zuzendutako jarduera hain zuzen. Lan horiek beste neurri batzuekin batera doaz, babes handiagoa lortzen eta Euskadi nazioarte mailan erreferentzia modura kokatzen laguntzen dutenak, esate baterako, industrian zibersegurtasun neurriak ezartzea sustatzeko SPRIk emandako laguntzak, edo Euskadiko Zibersegurtasunaren Liburu Zuriaren prestakuntza.