Basque Cyber Security Centre - Zibersegurtasun Euskal Zentroa

Zibersegurtasunerako Euskal Zentroak 2018. urtea amaitu du topagune izateko eta zibersegurtasunaren gaian Euskadi nazioarteko mapan kokatzeko helburuan arrerakuntza garrantzitsuak eginez

Edificio de las instalaciones de BCSC

Zibersegurtasunerako Euskal Zentroak (BCSC) Euskadiko enpresen eta herritarren zibersegurtasun maila handitzen lagundu du.

BCSCk antolatutako lehen ekitaldiak, Basque Cybersecurity Day-k, 1.000 parte hartzaileko kopurua gainditzea lortu zuen, Euskadiko Zibersegurtasunaren topagune eta Estatuko hiru Zibersegurtasun ekitaldi handienetako bat bihurtuz.

Euskadiko Zibersegurtasun sektorearen ikusgarritasuna hazi egin da nazioarte mailan, BCSCk European Cyber Security Organisation-en lortutako karguengatik eta Zentroa FIRSTen sartu izanagatik.

Zibersegurtasunerako Euskal Zentroak (BCSC, bere ingelesezko siglen arabera) 2017ko irailean hasi zuen bere jarduera. Eusko Jaurlaritzak Euskadin zibersegurtasuna sustatzeko izendatutako erakundea da, eta bere jarduera oinarrizko hiru ardatzen inguruan antolatzen da.

  • Euskal gizartean zibersegurtasunaren kultura sustatzea eta garatzea.
  • Euskadin zibersegurtasunarekin zerikusia duen jarduera ekonomikoa dinamizatzea, eskaintzaileen eta eskatzaileen arteko topagunea izanik.
  • Euskadi erreferentzia modura kokatzea zibersegurtasunaren teknologiak industriara aplikatzeko eremuan.

Lankidetza bertako, estatuko eta nazioarteko eragileekin

2018a urte bizia izan da, aipatutako helburuak lortzera zuzendutako ekintza ugari egin baita. Horretarako beste eragile batzuekin elkarlana garatzearen alde egin dugu apustu, bai maila lokalean, estatu mailan eta nazioartekoan. Zibermehatxu globalen eta finantzazio iturri garrantzitsuak dituzten zibergaizkile profesionalizatuen aurrean ezinbesteko estrategia da hori. Elkarlanean jardutea BCSCren ADNan bertan dago. Ekimen transbertsala gara, Eusko Jaurlaritzako lau sailek (Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak, Segurtasuna, Gobernantza Publikoa eta Autogobernua, eta Hezkuntza) eta Tecnalia, Vicomtech, Ik4-Ikerlan eta Basque Center for Applied Mathematics teknologia zentroek osatuta.

Zibersegurtasun gertakarien aurreko beste erantzun ekipo batzuekin (CSIRT modura ezagunak, beren ingelesezko siglengatik) izandako lankidetza handia izan da lehen egunetik bertatik. Urte honetan zehar, irailean CSIRT.es-eko kide izatera pasa ginen (nazio mailako foroa) eta, Zibersegurtasunaren Institutu Nazionalaren (INCIBE) eta Siemens-en laguntzari esker, urrian FIRSTeko kide izatera iritsi ginen, Zibersegurtasun arloko Gertakariei Erantzuna Emateko Taldeen Zentroen mundu mailako fororik handiena.

Era horretako foroetan parte hartzea aukera paregabea da beste CSIRT batzuekin ezagutzak eta estrategiak partekatzeko. Gainera, zibersegurtasun gertakarien aurrean erantzun bateratua eta koordinatua emateko lankidetza sustatu egiten da horrela.

Instalazio berrien inaugurazioa

Iñigo Urkullu lehendakariak uztailean inauguratu zituen Arabako Teknologia Parkean BCSCren instalazio berriak. Berarekin batera izan ziren Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituren sailburua (Arantxa Tapia), Hezkuntzakoa (Cristina Uriarte) eta Segurtasunekoa (Estefania Beltran de Heredia), bai eta Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordea ere (Nerea Lopez-Uribarri), Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila ordezkatuz.

Inauguración instalaciones BCSC

Zibersegurtasun neurriak ezartzeko babesa

Sektore industrialak zibersegurtasunaren arloan duen heldutasun maila igotzen lagundu du Zentroak, hainbat eratara:

  • Euskadin zibersegurtasunaren arloan enpresa industrialen egoerari buruzko lehen ikerketa bat eginez. Azterketa horrek 90 enpresaren eta 11 klusterren partaidetza izan zuen eta gure sektore industrialak zibersegurtasunaren aldeko apustu garbia egiten duela erakutsi zuen.
  • Zibersegurtasunaren arloan sentiberatze saioak emanez, batez ere klusterrei eta enpresa elkarteei. Horren helburua da oinarrizko jarraibideak eskaintzea eta zibersegurtasunaren arloko zerbitzuak eskatzeko beharraz jabearaztea, enpresak babestuago egon daitezen eta beren lehiakortasuna manten dezaten, zibersegurtasuna balio bereizgarria baita.
Jornada de concienciación en Cámara de comercio de Álava

Babesa zibersegurtasunaren euskal ekosistemari

Basque Cybersecurity Day-k Euskadiko zibersegurtasunaren topagune bihurtzeko helburua lortu zuen. BCSCk antolatutako lehen ekitaldiak 1.000 parte hartzaile baino gehiago izan zituen, eta bai eskaintzaren eta bai eskatzaileen arloetako langileak biltzea lortu zuen. Jardunaldira bertaratu zirenek azken joeren berri jakin ahal izan zuten, 8 nazionalitate ezberdinetako 25 hizlari baino gehiagoren eskutik. Zenbakiak ikusita, Basque Cybersecurity Day bere lehen edizioan estatutako hiru zibersegurtasun ekitaldi handienen artean kokatu da.

Basque Cybersecurity Day 18

Era berean, zibersegurtasunaren euskal ekosistemaren indarrari ikusgarritasuna ematearren, Euskadiko Zibersegurtasunaren Liburu Zuriaren lehen edizioa prestatu eta argitaratu da. Bertan, hazten ari den sare indartsu bat osatzen duten 100 enpresa baino gehiago, hezkuntza zentroak, instituzioak eta elkarteak ageri dira. Liburu zuria gure webgunean jarriko da bilatzaile baten modura. Horrela zibersegurtasun arloko zerbitzuen eskatzaileek Euskadin kokatuta dauden enpresen gaitasunak ikusi ahal izango dituzte, eta euren beharretara ondoen egokitzen direnak identifikatu ahal izango dituzte.

Lidergoa Europan

Urtearen hasieran Europako Zibersegurtasun Erakundeko (ECSO, bere ingelesezko siglengatik) partaide bihurtu ginen. Foro horretan bereziki aktiboak izan gara eta gure lanak nazioarteko gure kideen babesa jaso du, bi izendapen garrantzitsurekin.

  • Lehena ekainean izan zen. Javier Dieguez, Zibersegurtasun Euskal Zentroko zuzendaria, izan zen hautatua ECSOren Lankidetza Batzordean (Partnership Board) Europako Eskualdeen ordezkaria izateko. Batzorde hori erakunde horren eta Europako Batzordearen arteko komunikazio bidea da zibersegurtasun proiektuekin zerikusia duen lan programa eztabaidatzeko.
  • Aitortzarik berriena 2018ko azken asteetan iritsi da. Dieguez bera ECSOren 2. Lantaldeko Zuzendarikide izendatua izan da. Lantalde horren zeregin nagusia zibersegurtasun merkatuaren, inbertsioaren eta nazioarteko lankidetzaren hedapena sustatzea da. Gure zuzendariaren izendapena aukera berri bat da Euskadin zibersegurtasunaren arloan egiten ari den lana ezagutzera emateko.

Basque Digital Innovation Hub-eko (BDIH) Zibersegurtasun Nodoa

2018. urtean zehar zibersegurtasun nodo bat sortu eta abian jarri da Basque Digital Innovation Hub-en (BDIH). Hiru lurralde historikoetan hedatutako 5 laborategik osatzen dute, elkarren artean konektatuta. Zibersegurtasuna gizarteko arlo guztiei eragiten dien gai transbertsala da eta 4.0 Industriaren eskutik joan behar du.Nodo horren bidez, enpresa industrialek, ETEek batez ere, normalean enpresa txikientzat eskuragarri egoten ez diren gaitasun teknologikoetara sarbidea lortuko dute. Horrela, 4.0 industriaren erronkei aurre egin ahal izango diete eta modu berdinean ekintzailetza eta berrikuntza sustatu ahal izango dituzte, arreta gunea bereziki jarriz era ezberdinetako proiektuetan: smart-grid, automozioa, blockchain, eta produktuen testatzea/egiaztapena, besteak beste.

Euskadi nazioarteko erreferentzia modura kokatzea zibersegurtasunaren arloan

15 hileko jardueraren ondoren, Zibersegurtasun Euskal Zentroak lortu du erakustea zibersegurtasuna aukera berri bat dela gure eskualdearentzat, eta dagoeneko nazioarte mailako onarpena lortua du 4.0 Industria bezalako sektoreetan.Gure enpresa sareak eta bere garapen eta espezializazio maila altuak egoera ezin hobea eskaintzen du zibersegurtasunaren arloan enpresa berriak sortzeko eta hazteko, betiere sektore publikoaren babesaz lagunduta.

2019an Zibersegurtasun Euskal Zentroaren lanak orain arte markatutako ildo beretik jarraituko du. Industriarekin lankidetza estua izango du kontzientziazio jardunaldien eta zibersegurtasun neurriak ezartzeko laguntzen bidez, eta beste CSIRT batzuekiko elkarlanari ere eutsiko zaio, betiere tresnarik eta ezagupenik onenak lortzeko helburuaz, Euskadi leku ziberseguru bat bilakatzearren.

Azken helburua Euskadik zibersegurtasunaren gaian duen heldutasun maila igotzea izan behar du, eta arlo honetan nazioarteko erreferentzia modura aitortua izan dadin lortzea.